LEHEN ETA ORAI

Jean Baptiste Elizanburu, 1867

Izan nauk iparrera hego aldetik
iguzkiko partera mendebaletik
eta diat ikusi guzien gainetik
inozenzia ainitz gizonen partetik.
Abila hargatik
duk egundainotik
egin gabe deusik
ederkiena bizi bertzen lanetik.

Munduan jarri huan injustizia
Nagusitu zelakotz alferkeria.
Zenbait abilek ez dik denbora handia
Beretua zutela mundu hau guzia…
Hik, laboraria,
eragin hazia
eta bil bihia?
Abilarentzako huan ogi xuria.

Aditu diat ere bazka onenak
ez zituela zaldi nekatzen zenak
oilo, oilasko eta oilanda gizenak
jaten ez zituztela hazten zituenak.
Janari finenak
Arno gozoenak
Gauza hoberenak
abilek zituztela iresten denak!

Sortzetik hiltzeraino, laboraria,
uztarripean huan hire tokia
eta beti lanean higatuz bizia
hirerik ez hukeian non pausa eria.
Bertzena guzia
zer injustizia
ikaragarria!
Azienden herrunkan hintzen jarria.

Hogoi mendez bedere hola munduan
Gizona gizonaren esklabo huan.
Abilek ezarria urrezko tronuan
Bahuan bat, errege, guzien buruan.
Haren inguruan
alferrak hituan
bizi deskantsuan.
Eta gu lanarekin beti guduan.

Lagunak ez duk errex orai sinesten
jenden inozentzia nolakoa zen:
erregeren nahia baldin hala ba zen
miliunka zitian gizonak alxatzen
armak harrarazten
lerroan ezartzen
gerlarat igortzen…
Eta han inozentek elgar xahutzen.

Zinez zorigaitzeko denbora hetan
Nolako miseria zen bazterretan!
Pobreak bilusikan nonahi bidetan
hotzak eta goseak hilak erdietan.
Zenbat ama, hetan
haurrak besoetan
gaxoak errestan…
Alferrak libertzen jauregietan!

Etorri huan bada noizbait orena
gizona herrestatik alxatu huena
eta, porroskaturik gate zakarkena,
bere gizon-dretxoak hartu zituena…
Hau gure aitena
duk obra lehena
eta ederrena.
Gizona esklabotik egin zutena.

Xoil ez dik ehun urte, lagun maiteak,
gizonaren herrunkan gure jartzeak.
Lehen, batzu nagusi esklabo bertzeak
Geroztik jendeak
handiak, xumeak
aberats, pobreak
Lerro berean gaitik jarri legeak.

Hala, dadin aberats ala pobrea,
gizona gizonaren duk haurridea;
eta gu goratzeko bertzen apaltzea
gure anaiari duk laido egitea.
Elgar aditzea
elgar maitatzea
eta laguntzea
Hori duk egiazko Jainko-legea!