Lizardi. Arrasateko hitzaldia, 1930
Arrasatearrok: Zuen aurrean eta euskalzaletasunaren alde hitz egiteko aukera nautelarik, ezin ahaztu dezaket inola orain hiru urte zuen herri eder honexek zuzperrarazi ginduzula euskaltzaleok. […]
Euskalerrizaleok garai hartan (1927) kikilduta bizi ginan, orduko gure egoitzari bizitzea esan ahal balezaio. Geure herriari, geure izaerari, geure hizkuntza bigun honi maiterik agertzea, pekatu zala ia sinistarazita geunden. Harri astun batek azpian harturik bezela, itxaropen begiez etorkizunari begiratzeko ez ginan gauza. Gureak eta gure amets zaharrarenak egin zulako ustean… Euskal Herriak gehiago burua jasoko etzulako etsian… Zenbaitetarainoko indarra duan, jaunak, giroak, erderazko ambienteak, gure ingurura jo duan haizeak!
Gau beltz artan, Elgoibarrek eta Mutrikuk izar bana izeki zuten… Dardarrez izeki, argi emateko ere lotsa. Baina, hurrena, hemen, zuen herri hontan, Arrasaten, ilbeteak ilunpea zilarrez jantzi zun; goiz berri baten itxaropena, eguzki berri baten uste gozoa bihotzetara zekarkigularik.
Fede haundia behar zan, enetxoak, ordun hala jokatzeko; eta fede haundi haren jabe, ez beste zereginik gabeko haundikiren batzuk, ez gizon buru-jantzi ta korbata apaindunek, baizik gizon lau batzuk, bekokiari izerdia atereaz bizi diran langile batzuk izan ziran. Ta fede gori bat beti baita hazi ernegarri, gu, orduko lotiok, lagun bizkor haien deadarrak esnarazi ginduzen.