Joxe Azurmendi. Hitz berdeak, 1971
Euri ostean
berriz dira kaleak beteko
motor eta bizikletaz
eta jendeak lanera joango dira.
Makinari, orduari,
jauntxo zipotz hari,
beharrari obeditzeko.
Egunen batean, halare,
euriaren ondoren gizonak
etxean egongo dira.
Andreen lotsari,
haurren negarrari,
ez diote jakingo zer erantzun,
bainan gizonak
etxean egongo dira.
Kaleetan
ez da kotxerik pasako.
Gizonen bat korrika,
ausaz tiroren bat,
eta ezpaloi ertzean ura
gorriturik etorriko da.
Haizea isildutakoan
ez da sukaldeetan gehiago
euri zurrumurruaren otoitza entzungo.
Gau harek ez du izarrik
izango, ez lorik, ez atsedenik,
ez, ez,
ta goizeko eguzkia odolez ikusiko da
zelaietan zabaltzen
poz berde bat, esperantza,
gorri-gorri.
Nork daki orduan ez ote diran
langileak atera irtengo
egun berriaren argira
etorkizun libre bat
zuri-zuri hasteko.