Emeterio Arrese, 1913. New Yorketik
Euskal Herriko baxtar maitetik yankitar hoien aldera
zorigaiztoan etorri nitzan ez dakit zer egitera;
hobe nuala derizkiot nik beste gehiagon antzera
iritxi eta berihalaxe jiratu banitz ostera.
Uste txoro bat izanik eta ametsa munduko dena
hau da gizonak egin lezaken ametsikan ametsena
gogo beroak demaigun hegaz iritsi nahi gendukena
gezur pollit bat besterik ez da, hutsa gure sinismena.
Urruti dauden gauz haiek beti intxaur alien modura
bakan izanik hartzen ohi dute pila galantan itxura:
Ameriketan zorion guzik, Ameriketan hau ta hura,
gero… ezer ez bertaratzian hainbeste gauz dan lekura.
Lotsagarrizko uztarripean goi-beheraturik burua
lur hontan inork ezin lezake atera bizimodua
alper-alperrik nahiko du batek lanez osatu dirua
baldin ezpada atzapar eta moko zorrotzdun mirua.
Beren aukeraz egina izanik hoien neurri-gai dana
hara legetzat ohiturak hemen ipiñita dadukana:
«Eman garaian, arra bat eskas, hartzeko danian, kana,
etxeko gauzak beretzat eta auzokoak erdibana».
Baserri txakur goseti batek eskean dabilenari
gogor ekiten dion bezela hoiek ere gutarrari
bildur izanik zerbait kentzera ote datorren berari
nahiz eskalea ez izan arren erasotzen dio sarri.
Ez det esan nahi Ameriketan ez dala beste lekurik
ia bat bere lurrean bezin doatsu bizi leikenik;
Mexico, Cuba ta Argentinako zelai haunditan oraindik
bertakoentzat ez dago gaizki hitz egiteko biderik.
Gazteak: baldin zeren burua maite badezute zerbait
etzaiteztela honuntz etorri, zuazte beherago albait,
hemen hainbat hitz gezurrezko ta hemen aina «O, yes, olrait»
entzun gabe han zuen saria hartuko dezute noizbait.